Bizitza talde-kirol bat da

Hiruka astekarian idatzitako iritzi artikulua, hemen (22. orrialdean):

Logoa

Txikitatik kirola barru-barrutik bizi izan dut. Esparru askotatik heldu diot kirolari gainera. Jolasetik zein lehiaketatik. Buruz buruko jardunetik zein talde-kiroletik. Errendimendutik zein osasunetik. Harmailetatik zein kazetariaren ikuspuntutik. Zaletasunetik zein ogibidetik. Helduleku ugaritik, alegia.

Kirolak eta honek eman dizkidan esperientzia guztiek nortasuna eraikitzen lagundu didate. Zorionekoa ni, benetan uste baitut kirolak bizitzari aurre egiteko behar ditugun tresna asko gure esku uzten dituela. Talde kirolak batez ere.

Talde kirolak erakusten digu ingurukoak behar-beharrezkoak ditugula gure egitasmoak gauzatzeko. Auzolanak aurrera bidaltzen gaituela. Irabaztea mundiala dela, baina galtzeak hazten laguntzen gaituela. Saiatzen denak bakarrik izan dezakeela lorpenaren saria. Dema badagoela, aurkariak ere bai. Helburu ezberdinak une jakin batean. Horiexek dira gure eguneroko «aurkariak». Besterik ez.

Gure eguneroko jardunerako kirolak emandako irakaspen hauek eta beste hainbat erabiliko bagenituzke…

Ohartuko ginateke arrakastatsua izatea salbuespena dela. Jakingo genuke bat irabazteko aurretik hamaika galdu behar ditugula. Erortzen dena txalotuko genuke, erorikoa baita etengabe saiatzen denaren saria. Garatuko genuke eskuak elkartu eta talde lanean aritzeko gaitasuna, ulertuz bidaiak ez duela merezi bidaiderik gabe.

Hartu ditzagun ba kirolaren benetako oinarriak. Eman diezaiogun arrakastari merezi duen lekua. Uler dezagun arrakasta salbuespena dela, noizbehinka gertatzen den zerbait, eta gure esku dagoenari heldu. Soilik gure esku dagoenari, baina tinko helduta.

Azken finean, bizitza talde kirol bat da.

 

 

Esta entrada fue publicada en Cosas de JonLo. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario